Address:   Home Page

Persepolis

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Persepolis1
Gizateriaren Ondarea - UNESCO

Persepolis, 2005eko apirila

Mota Kulturala
Irizpideak i, iii, vi
Erreferentzia (ID) 114
Kokapena IranIran
Eskualdea2 Asia eta Ozeania
Izen ematea 1979 (III. bilkura)
1 Izen ofiziala UNESCO-ren arabera (euskaratua)
2 Sailkapena UNESCO-ren arabera

Persepolis (grezieraz Περσέπολις, Persepolis, literalki "pertsiar hiria"), antzinako pertsieraz: Pars, gaur egungo pertsieraz تخت جمشید, Tajt-e Yamshid "Yamshideko tronua", Pertsiar Inperioko hiriburua izan zen akemenidar dinastiaren garaian. Irango Fars probintziako Shiraz hiritik 70 kilometro ingurura aurkitzen da, Pulwar ibaiak Kur edo Kyrusen bere urak isurtzen dituen tokitik gertu.

Bere eraikuntza, Dario I.ak hasi zuena, bi mende baino gehiagoz luzatu zen, Alexandro Handiak Pertsiar Inperioa konkistatu zuen arte.

UNESCOk, Persepoliseko hondakinak, Gizateriaren Ondare izendatu zituen 1979an.

Eduki-taula

[aldatu] Historia

Eraikuntzen ustezko historia.[1]
Lehen aroa: Dario I.a
(K. a. 518 a K. a. 490)
  • Terraza
  • Apadana (jauregia, ekialdeko eskailera)
  • Altxorra
Bigarren aroa: Dario I.a - Xerxes I.a
(K. a. 490 - K. a. 480)
  • Tachara
  • Persepoliseko eskailera
  • Nazio guztien atea
  • Apadana (iparraldeko eskailera)
Hirugarren aroa: Xerxes I.a
(K. a. 480 - K. a. 470)
  • Hadish
  • Harena
  • Tripilona
  • D jauregia
Laugarren aroa: Artaxerxes I.a
  • 100 zutabeen jauregia
  • Artaxerxes I.aren jauregia
  • Guarnizioa
Bosgarren aroa
Ezezaguna
  • Hegoaldeko eraikuntzak

Pertsiar Inperio akemenidaren lehen hiriburua Pasargada izan zen, baina, K. a. 512 inguruan, Dario I.ak, jauregi multzo masibo honen eraikuntza hasi zuen, ondoren, bere seme Xerxes I.a eta bere biloba Artaxerxes I.ak hedatua. Akemenidar erregeen hiriburu administratiboak Susa, Ekbatana eta Babilonia ziren bitartean, Persepolisek, hiriburu zeremoniala izatearen funtzioa mantendu zuen, bertan, Urte Berri eguneko jaiak ospatzen zirelarik. Urruneko lurralde menditsu batean eraikia, Persepolis ez zen errege bizileku oso gomendagarria, eta nagusiki udaberrian bisitatzen zen.

K. a. 330ean, Alexandro Handiak, Ekialdeko bere kanpainan, Persepolis hartu eta arpilatu zuen, Xerxesen jauregia errez, beharbada, pertsiarren aurkako mendekuzko gerra panhelenikoaren amaiera sinbolizatzeko.

K. a. 316an, Persepolis oraindik Persiseko hiriburua zen, Mazedoniar Inperio berriaren probintzia. Hiria, pixkana-pixkana, gainbehera joan zen Seleuzidar Inperioa eta ondorengo garaietan. III. mendean, gertu aurkitzen zen Istakhr hiria, Sasanidar Inperioaren erdigune bihurtu zen.

[aldatu] Eraikuntza

Pasargadan Ziro II.aren lana jarraitu ondoren eta Susan abian jarritako eraikuntza lanekin batera, Dario I.ak hiriburu berri bat ezartzea erabaki zuen; erabaki hau, orokorrean, akemenidarren adar nagusitik bereizteko nahi bat bezala interpretatzen da. Izan ere, Pasargada adar nagusi horrekin oso lotuta dago.

Horretarako Uvādaicaya (Mattezsi babilonieraz) bezala identifikatua izan den hiri bat aukeratu zuen. Hiri honek, jada, garrantzi politiko nabarmena izan behar zuen, Dariok, bere pertsiar aurkari nagusia zen Vahyazdāta hilarazi bait zuen K. a. 521ean. Beste alde batetik, Ziro eta Kanbises II.aren garaietako ate monumental eta jauregien presentzia lekukotzen da, baita, beharbada, Kanbisesentzat zen amaitu gabeko hilobi bat ere. Babiloniar taulatxoek, hirigune garatu, aktibo eta populatu bat zela adierazten dute, Babiloniarekin merkataritza harremanak zituena, eta tamaina honetako lan batetarako logistika eta janari baliabideak ziurtatzeko gai zen, Pierre Briantek, Pertsia akemenidarraren historialariak, Susa eta Persepolisen, denbora gutxiren buruan, lan garrantzitsuak abian jarri izanak, baliabide handiak mugitzea suposatu zuela dio. Izan ere, eraikuntza hauek, errege bizilekuen egokitze plan orokor baten alorrean sartzen dira, guztiei "errege berriaren etorrerak inperioaren berpiztea adierazten duela" erakusteko asmoarekin.

Akemenidar hiriburuak

Dariok, bere eraikuntza berriarentzako kokapen bezala Kuh-e Rahmat eraketa harritsuaren beheko zatia aukeratu zuen, honela, akemenidar dinastiaren ikur bihurtu zena. Terraza, jauregiak (Apadana, Tachara), Altxorraren gelak eraikiarazi zituen, baita harresiak ere. Zaila da monumentu bakoitzaren eraikuntza zehaztasunez datatzea. Zalantzarako aukerarik ematen ez duen argibide bakarra Persepoliseko Gotorlekuko Taulatxoek ematen dute, bertan, gutxienez K. a. 509tik eraikitzen ari zenaren lekuko direnak, gotorlekuak eraiki ziren garaia.

Eraikuntza gehienak, baina, ondorengo erregeen erregealdietan eman zirela esan daiteke. Darioren eraikuntzak, bere ondorengoek amaitu eta osatu zituzten: bere seme Xerxes I.ak, multzoari, Nazio Guztien Atea, Hadisha eta baita Tripilona ere gehitu zizkion. Eta, Artaxerxes I.aren erregealdian, K. a. 460an, 1149 artisau aurkitzen ziren lanetan. Tokia, eraikitzen eta eraikitzen egon zen K. a. 424 arte gutxienez, eta, beharbada, Pertsiar Inperioa erori zen arte: ate bat amaitu gabe geratu zen, baita, ustez, Artaxerxes III.aren erregealdian eraikitako jauregi bat ere.

Beste antzinako eraikuntza monumental batzuk ez bezala, erromatar eta greziarrak kasu, Persepolisen eraikuntza ez zen esklaboekin aurrera eraman. Bertan lan egin zutenak, inperioko herrialde guztietatik etorritakoak ziren: Babilonia, Karia, Jonia edo Egipto adibidez.

[aldatu] Suntsipena

Akemenidar inperioa

Akemenidar inperioaren bihotzean zuen kokapenagatik babestua, Persepolisek ez zuen defentsa sendorik. Gainera, Kuh-e Rahmataren oinean zuen posizioa, puntu ahul bat da, honen garaiera txikiaren ondorioz, terraza eta lurraren artean. Albo hau, harresi batek eta dorreek babesten zuten.

Alexandro Handiak Persepolis konkistatu eta suntsitu izanari buruzko informazioa, nagusiki antzinako historialarien testuetatik dator, batez ere Diodoro Sikulo, Plutarko eta Kinto Kurtzio Ruforen aldetik.

Zenbait elementu arkeologikok, euren epaiak berresten dituzte, baina hiriaren suntsipenaren euren bertsioa eztabaidatua da: Duruyk zalantzan jartzen du "konkistatzailea hil eta gutxira, Pauzestes satrapak Filipo eta Alexandroren arimak bertan sakrifikatzen dituela ikusten baitugu".

Plutarko, Diodoro Sikulo eta Kinto Kurtzio Ruforen arabera, Persepolisen erorketaren ondoren, bertako biztanleen hilketa eta bertako aberastasunen arpilaketa etorri ziren. Tiridatasek altxorraren zaintzailea zenak, Alexandroren aurrera, honen armada hurbiltzen ari zelarik, amore emate gutun bat eramanarazi zuen, non Persepolisen garaile bezala sartzea eskaintzen zion. Honela, Alexandrok berehala bereganatua ahal izango zituen hiriko aberastasunak. Testuek, baina, ez dute mazedoniarraren erantzuna aipatzen. Diodorok eta Kintok, aldi berean, mazedoniar armada 4.000 greziar preso moztuekin edo pertsiarren aldetik tratu txarrak jaso zituztenak topatu izanari erreferentzia egiten diote, Persepolisera zihoazela.

Alexandro Handiaren soingaina. Londreseko British Museuma

Hiria K. a. 331n hartu ondoren, Alexandrok bere armadaren zati bat utzi eta aurrera jarraitu zuen. Ez zen Persepolisera handik denbora batera arte itzuli. Garaipenaren ohoetan hartutako mozkorraldi egun baten amaieran, Persepolis errea izan zen konkistatzailearen aginduz K. a. 330ean. Suntsipen hau motibatu zuten arrazoiak eztabaidagarriak dira. Plutarko eta Diodorok, ardoz mozkortua zegoen Alexandrok, Xerxes I.aren jauregira lehen zuzia bota zuela kontatzen dute, Taisek konbentzitua, Ptolomeoren emaztea izango zena, Ptolomeok berak bigarrena bota zuelarik. Taisek akuilatuko zituen Alexandro eta bere soldaduak, honela, Xerxes erregeak Atenas arpilatu izana mendekatzeko. Hipotesi hau, Tripilon eta Hadisheko suntsipenaren intentsitateak berretsia izango litzateke, Xerxes erregeak eraikitako eraikin hauek, sutea, beste batzuk baino gehiago jasan behar izan zutela adierazten dutenak. Egile batzuk diotenez, euren gorputz adarrak moztutako presoak ikusi izana, Alexandroren tristezia eta haserrea eragin zutena, mendeku hartzeko beste arrazoi bat izan zen.

Egia esan, historialariek, gaur egun, Persepolisen suntsipenaren arrazoia politikoa zela mantentzen dute, Alexandrok ondo pentsatutako erabakia izan zelarik. Garaileak, hartutako hiriak, eta bereziki Babilonia, salbatzea agindu zuenean, pertsiarrekin bakeak egiteko inongo keinurik aurreztu gabe, Persepolisen, pertsiar testuinguruak adierazitako irismen sinboliko handiko keinu bat egin zuen: akemenidar boterearen bihotz ideologikoa, beti pertsiar hiriburuetan aurkitzen zen. Biztanleriak, bere gogoz edo derrigorrean, konkistatzaile berriaren mende zegoela erakutsi zuen, baina, hala ere, ideologikoki, oraindik Dario III.arekin lotua aurkitzen zen, subirano legitimoa zena, eta ez zegoen batere gustura konkistatzaileekin. Erabakia, beraz, pertsiar santutegi dinastikoa erretzea izan zen, biztanleriari, botere aldaketa argi adierazteko. Duruyk "Alexandrok, Ekialde osoari, santutegi nazionalaren suntsipen honekin, pertsiar domeinuaren amaiera adierazi nahi izan zion" dio.

Antzinako idazkiek, bere jokaeragatik damutua zegoen Alexandroren damua aipatzen dute. Briantentzat, damu honen atzean, Alexandrok, politikoki porrot egin izana onartzen zuela dago.

Persepolisen suntsipenak, akemenidar boterearen ikurraren amaiera adierazten du. Lehen Pertsiar Inperioa, erabat desagertu zen Dario III.aren heriotzarekin, bere dinastiako azken enperadorea izan zena. Helenizazioa seleuzidekin hasi zen. Persepolis baina, oraindik erabilia izan zen ondorengo pertsiar dinastien aldetik. Terrazaren oinean tenplu bat dago, beharbada akemenidarrek eraikia eta seleuzidarrek berrerabilia, ondoren fratadarek.

Beheko hiria, pixkana-pixkana utzia izan zen, handik gertu aurkitzen zen Istakhr hiriaren mesedetan partiar garaian. Partiar dinastiako azken errege pertsiarren edo sasanidar dinastiako lehen erregeei eman ahal zaizkien graffitiak, baina, tokia, pertsiar monarkiari lotua geratu zela adierazten dute, sinbolikoki behintzat. Beste alde batetik, pahlevieran idatzitako inskripzio batek, Ormuz I.a edo Ormuz II.aren seme batek, oturuntza bat ospatu eta Persepolisen gurtza zerbitzu bat eman zuela kontatzen du, gurtza leku bezala jarraituko zuena K. a. 330eko sutetik zenbait mendetara. Persepolis, aldi berean, erreferentzia arkitektoniko bezala hartu zen sasanidar eraikuntzen elementu batzuentzako, Firuzabaden jauregia kasu.

[aldatu] Lehen bisitak hondakinetara: bidaiarien garaia

Persepolis hegoaldetik ikusia, Jean Chardinena (1711)

Sasanidarrek, hondakinak st stwny (ehun zutabeak) pertsiera ertainezko izenpean ezagutzen dituzte), eta XIII. mendetik Chehel minār izenpean (berrogei zutabeak). Gaur egungo Takht-e Jamshid izena, dirudienez, erliebeen interpretazio batetatik dator Jamshid heroi mitikoarekin lotzen dituena. Tokiak, mendebaldetarren bisita asko jaso zituen XIV. mendea eta XVIII. mendea bitartean. Hasierako behaketa anekdotiko soilak, pixkana-pixkana, geroz eta deskribapen xehetuagoko lanengatik ordeztu ziren.

  • Kataira bidean, 1318an, fraide bidaiari bat, Odoriko izenekoa, Chehel minārretik igaro zen hondakinetan atzeratu gabe. Tokia aipatzen duen lehen europarra da. Bere ondoren, veneziar bidaiari bat etorri zen, 1474an: Josaphat Barbaro.
  • Antonio de Gouvea portugaldar misiolariak, tokia bisitatu zuen 1602an. Inskripzio kuneiformeak eta "giza burudun animalien" irudikapenak ikusi zituen.
Baxuerliebea, Eugène Flandinena (1840)
  • Abas Handiaren aurrean Espainiako enbaxadore zen Garcia de Silva Figueroak, luze deskribatu zion toki arkeologikoa gutun batetan Bedmarreko markesari 1619an. Testu greziarren laguntzarekin, argi aurkitu zuen Persepolis eta Chehel minārren arteko lotura.
  • 1615 eta 1626 bitartean Pietro della Valle erromatarrak, ekialdeko herrialde asko bisitatu zituen. Persepolisetik, beranduago idazkera deszifratzeko balioko zuten inskripzio kuneiformeak ekarri zituen.
  • Della Valleren ondoren Dodmore Cotton eta Thomas Herbert ingelesak joan ziren, 1628 eta 1629 bitartean, euren bidaiaren xedea, ekialdeko idazkerak aztertu eta deszifratzea zelarik.
  • 1664tik 1667 arte, Jean Thévenot eta Jean Chardin frantziarrek bisitatu zuten. Thévenotek, inongo arrazoirik gabe, bere "Voyage au Levant" lanean, hondakin hauek, antzinako Pertsiako erregeen bizilekua izateko txikiegiak zirela idatzi zuen. Chardinek, tokia, berehala lotu zuen Persepolisekin. Guillaume-Joseph Greloten zerbitzuak gehitzen dira, errege hiria, bere kalitatea Rousseauk berak loriatzen duen lan batetan deskribatzen duena.
  • 1694an, Giovanni Francesco Gemelli-Carreri italiarrak, heltzen den hondakin guztien neurriak idatzi eta inskripzioak aztertu zituen.
  • 1704an Cornelis de Bruijn herbeheretarrak, hondakinak ikusi eta marraztu zituen. Bere lanak 1711n argitaratu zituen: Reizen over Moskovie, door Persie en Indie, ondoren, 1718an, frantsesez: Voyages de Corneille le Brun par la Moscovie, en Perse, et aux Indes Orientales.

[aldatu] Misio arkeologikoak: zientzialarien garaia

Persepolis airetik ikusia, Charles Chipiezena (1884)

XIX. eta XX. mendeetan ugaldu egin ziren Persepoliserako misio zientifikoak

  • 1840 eta 1841ean, Eugène Flandin eta Pascal Costek, Pertsiako zenbait hondakin bisitatu zituzten, horien artean, Persepolis. Deskribapenezko lotura eta lotura topografikoa ezarri zuten.
  • Lehen benetako indusketa arkeologikoak, 1878an egin ziren. Motamed-Od Dowleh Farhad Mirzak, Farseko gobernariak, ehun zutabeen jauregiaren zati bat argitara atera zuten lanak zuzendu zituen.
  • Handik gutxira, Charles Chipiez eta Georges Perrotek, tokiaren indusketa garrantzitsu bat egin zuten. Hondakin eta industutako arrastoen azterketa arkitektoniko bati esker, Chipiezek, jauregien berregite sinestezinak marraztu zituen, bere iritziz akemenidar garaian izango ziren bezala.
  • F. Stolzek Farseko toki arkeologikoak esploratu zituen, eta emaitza 1882an argitaratu zuen.
  • Jane eta Marcel Dieulafoyk, bi misio arkeologiko egin zituzten Pertsian (1881-1882 eta 1884-1886). Persepolis esploratu zuten, nondik lehen aldiz itzuli ziren argazkiekin. Berreraikuntzak egin eta atal arkeologiko asko ekarri zituzten.
  • 1931tik 1939ra, lehenik Ernst Herzfeldek eta ondoren E. F. Schmidtek egin zituzten indusketak, Chicagoko Unibertsitateko Oriental Instituteak komisionatuak.
  • 1940ko hamarkadan, A. Godard frantziarrak eta ondoren A. Sami irandarrak jarraitu zituzten indusketak Iranian Archeological Servicioaren kontura (IAS).
  • Gero, IASk, A. Tajvidiren zuzendaritzapean eta Istituto Italiano per il Medio ed Estremo Orienteko G. eta AB. Tiliarekin elkarlanean, indusketa eta zati baten berrizte lanak zuzendu zituen. Indusketa hauek, jada desagertuta dauden Artaxerxes I.a eta Artaxerxes III.ari eman ahal zaizkien beste bi jauregiren ustezko existentzia argitara eman dute.

Oraindik ez dira Persepoliseko egitura guztiak industu. Bi muino geratzen dira Hadish eta Tachararen ekialdean, horien jatorria ezagutzen ez dena.

[aldatu] Azken garaietako historia

1971n, Persepolisen, monarkiaren 2500 urteak ospatu zituzten zeremonia handiak egin ziren hiru egunez. Mohammad Reza Pahlavi Sahk, nazioarteko pertsonaia garrantzitsu ugari gonbidatu zuen. Zeremonien handitasunak, oturuntzetarako Frantziatik etorritako 200 zerbitzari mugiarazi zituena, polemika handia sortu zuen prentsan, eta Sahren irudia zikintzen baino ez zuen lagundu. Gastu guztiak kontutan hartuta, kopuru osoa AEBetako 22 milioi dolar baino gehiagora iritsi zen, eta finantzaketa, beste egitasmo batzuen kaltetan egin zen, urbanistikoak zein gizartekoak. Gainera, jaiak, Sahren kontrakoen errepresioarekin lagundu ziren.

Irango iraultzaren ondoren eta Islam aurreko garaiko erreferentzia kultural garrantzitsua ezabatzeko asmoarekin, Sadeq Khalkhali aiatola, bere aldekoekin batera, bulldozerren bidez Persepolis suntsitzen saiatu zen. Nosratollah Aminiren parte-hartzeak, Fars probintziako gobernadorea zena, eta Shirazeko biztanleen mugitzeak, bulldozerren aurrean jarririk, tokia suntsipenetik salbatzea ahalbidetu zuten.

Persepolis oso toki hauskorra da, honen mantentzea giza aktibitateak oso arriskuan jartzen duelarik. Nekazaritzak eratutako kutsadurako zenbait osagai kimikoren toxikotasuna planteatu da. Tokiaren babesaren programa bat berriki hasi da, higadura eta bisitarien igarotzeak eragindako kalteak mugatzeko asmoz: Apadanako ekialdeko eskailera bezalako elementuren batzuk babesteko estalpe batzuk jarri dira, eta igarotokien lurzorua estaltzea aurreikusita dago. Pasargadatik gertu egongo den hesi baten eraikitzeak polemika piztu du Irango arkeologia ministerioa eta kultura eta ondarearen ministerioaren artean. Uren goraldiak, lurraldeko toki arkeologiko asko kaltetu litzake. Gainera, bere ibilbidea Persepolis eta Naqsh-e Rostametik igaro daitekeen trenbide baten eraikuntzak, kalteak ekar ditzake. Aldi berean, Persepolis, sarri, antigoaleko gauzen trafikoarekin zerikusia duten lapurreten biktima da. Museoaren zabaltze bat aurreikusita dago, oraindik erabat zehaztu gabe dagoena: Izan ere, tokia Gizateriaren Ondare izendatu izanak, edozein aldaketa debekatzen du.

Persepolis, Kuh-e Rahmataren ikuspegia
Multzoaren aireko ikuspegia

[aldatu] Persepoliseko artea

[aldatu] Arkitektura

Pertsiarrek, ez zuten berezko arkitektura propiorik: artzain eta zaldizkoen herri erdinomada bat zen. Baina, hori bai, Ziro II.ak sortu zuenetik, Pertsiar Inperioa eraikuntza monumentalez hornitzen da. Hasieran, konkistatu zituzten herrietan inspiratutakoak, akemenidar arkitektoek eragin hauek barneratzen dituzte eta laster proposatzen dute jatorrizko arte bat. Pasargadan, plan orokorrak, oraindik eragin nomadak bere eraikin luzeekin erakusten baditu, parke handi batetan sakabanatuta daudenak, berrogeita hamar urte geroago, Persepolisekoa, arrazionalizazio eta orekaren froga da: plano karratua sistematizatua da, zutabeak oso zorrotz jarriak dira (6x6 Apadanan, 10x10 Ehun Zutabeen Jauregian...) eta Hareneko gela txiki eta jauregietako eranskari gehienak hartzen ditu. Arkupeetatik alboetarako trantsizioak dorre angeluarrek lotzen dituzte Apadanan. Bi ate handiek eta pasabide ezberdinek eraikin nagusietarantz banatzen dute zirkulazioa.

Eraikuntza hauek jatorrizko sorpenak dira, euren estiloa, menderatutako zibilizazioen elementuen konbinaketaren emaitza delarik. Ez da hibridazio bat, baizik eta, hobekiago esanda estilo berri bat sortzen duten estilo fusioa. Inperio osoko langile eta arkitektoen egite jakintzaren emaitza, pertsiar arkitektura, ohiko erabilerakoa, errituala eta enblematikoa da. Persepolisek, honela, iturri anitz hauen lekuko diren elementu asko erakusten ditu.

Izan ere, Jonia inperioaren satrapien artean gehitzearekin batera, pertsiar arkitekturan greziar joniar eragin nabarmena ikusten da, bereziki ikusgai dena Persepoliseko jauregietako arkupe eta gela hipostiloetan. Joniar estiloaren gorakada, bat-batean ezereztua da pertsiar inbasioaren ondoren, baina oso modu distiratsuan agertzen da Pertsian, monumentu handien bidez. Arkitekto lidiar eta joniarrak kontratatzen dira Pasargadako lanetarako, ondoren Persepolis eta Susakoetarako. Eurak dira elementu nagusienak egiten dituztenak, eta, honela, grezieraz idatzitako graffitiak aurkitzen dira Persepolisetik gertu dauden harrobietan, harginen nagusien izenak aipatzen dituztenak. Paper protagonista bat dute pertsiar estiloaren piztean. Greziarren parte-hartzea zutabeen altxatzean eta jauregien apainduran Pertsian, Susako inskripzioan aipatzen da, eta gauza bera egiten du Plinio Zaharrak. Persepoliseko zutabeak, hain zuzen ere, joniar estilokoak dira, ildokatutako fuste mehe batekin: diametroa, altueraren hamargarren zatia baino gutxiago da, Persepoliseko zutabe bakar batek ere ez du 1,9 metroko zabalera baino gehiago. Kapitel batzuek greziar brontzezko grifo arkaikoetan inspiratutako grifoak daramatzate.

Erraz ezagutzen diren Egiptoko faraoien estiloko elementuen artean, ateetan kanpora irteten diren erlaitzen eusteak aipa daitezke, baita kapitelen hasiera ere. Batzuk, egiptoarrei ematen diete, baita ere, arkupearen ekarpena.

Mesopotamiaren eragina oso nabarmena da, bereziki bi jauregirekin lotutako jauregi formulan, bata audientzia publikorako eta beste bat audientzia pribaturako. Eragin hau, nabarmena da, baita ere, erliebeak eta jauregia apaintzen dituzten palmondo edo lore erako arrosa leihoetan edo ziguraten forma gogorarazten duten hozkatutako merloietan, eta jauregietako eskailerak apaintzen dituztenak. Erliebe esmaltatu eta polikromatuak, babiloniar inspiraziokoak dira. Apadanako baxuerliebeekin apaindutako ortostatoak eta ateetako zezen-gizon hegodunak asiriar estilokoak dira.

Ekialde Ertainean pertsiarren aurretik jada bazegoela, zurezko sabai eta eusguneentzako sortutako barne espazioen printzipioa, gela hipostiloa jauregiko elementu zentrala izatera iristen da. Greziar tekniken ekarpenak, pertsiar arkitekturari, eraikuntza ezberdinak espazioak funtzio ezberdinak dituen tokietan ondo burutzea ahalbidetzen dio: Gune zabalak zutabe fin eta garaien bidez hustea, Pertsiako propioa den iraultza arkitektoniko bat da. Gela hipostiloak jendetzarentzako dira, eta ez apaizentzako bakarrik, Grezia eta Egipton gertatu izan zen bezala.

Apadanako zutabea, Eugène Flandinena (1840).

Zutabe gehienak zurezkoak ziren, eta, noiz behinka, harrizko oinarri baten gainean egoten ziren, guztiak desagertu egin dira. Altuera nahiko errespetagarria zenean bakarrik erabiltzen zen harria zutabeak egiteko, Apadanan edo Nazio guztien atean adibidez. Egundaino mantendu diren harrizko zutabeak, oso heterogeneoak dira eta inperioko zibilizazio ezberdinen eragina adierazten dute, beharbada, oso xaloa ez dena: kanpai erako oinarria akemenidarren sorkuntza bat da, baina, inongo zalantzarik gabe, hititar inspiraziokoa, ildokatutako fustea joniarra da, kapitela, itzelezko neurria izan dezakeena, zutabearen luzera osoaren heren bat hartuz, egiptoar estiloko kapitel batetik hasten da, honi, boluta bikoitzeko zutabe karratu batek jarraitzen diolarik, asiriar motiboetan inspiratua dagoen irandar sorkuntza bat, multzo osoa, inposta teriomorfo batekin koroatzen da, inportatutako beste motibo bat, kasu honetan Mesopotamiatik, baina, habeak eusteko bere funtzioa, ordu arte ikusi gabea da. Han, inperioaren dibertsitatearen laburpen bat ikus daiteke.

Akemenidar jauregi guztiek bezala, Persepolisekoek, sistematikoki, harresiak adobezkoak zituzten, harrigarria dirudiena eraikuntza harria ugari aurki daitekeen eskualde batetan. Izan ere, Ekialdeko herri guztien amankomuneko ezaugarri bat da, harrizko harresiak tenplu eta harresientzat bakarrik erabili dituztenak. Eta, beraz, Persepoliseko harresietako bakar bat ere ez da egundaino mantendu. Oraindik zutik dauden elementu bakarrak ateen markoak eta harrizko zutabeak dira.

Bere eraikuntza bi mendez luzatu zen arren, Persepolisek, akemenidar artearen bereizgarri den estilo batasun nabarmengarri bat adierazten du: Pasargadan hasia, Darioren erregealdian amaitua Persepolisen ez da eboluzio nabarmenik nabaritzen ez arkitekturan ezta apaindura eta tekniketan ere. Bakarrik azken errege hilobiek galdu dute bereizpen hori Naqsh-e Rostamekoekiko, inongo zalantzarik gabe, leku faltagatik, baina bere baxuerliebeak Dariorenen berdin-berdinak dira.

[aldatu] Eskultura

Akemenidar eskulturaren formarik ezagun eta hedatuena baxuerliebea da, bereziki Persepolisen adierazten delarik. Sistematikoki, eskailerak, jauregien plataformetako alboak eta baoen barnealdeak apaintzen dituzte. Uste denez, erabiltzen zen, baita ere, gela hipostiloen apainduran. Egiptoar eta asiriar inspirazioak ikus daitezke, baita greziarra ere, egite moduaren fintasunagatik. Antzinako ekialdeko irudikapenen estereotipo gehienak aurkitzen dira: pertsonaia guztiak profilez irudikatuta daude. Perspektiba noiz behinka ikus badaiteke, plano ezberdinak, orokorrean, bata bestearen gainean islatuak dira. Pertsonaia, animalia eta zuhaitzen arteko proportzioak ez dira errespetatzen. Gainera, isozefalia edo buruberdintasun printzipioa, oso zorrotz jarraitzen da, baita eskailera maila ezberdinetan ere. Irudikatutako gaiak, inperioko herrien ordezkarien desfileez osatuta daude, noble pertsiar, guardiak, audientzia eszenak, errege irudikapenak eta borroka irudiak, non benetako heroi batek animali mitologiko edo benetakoen aurka borrokatzen duen. Baxuerliebe hauek nabarmengarriak dira bere egitearen kalitateagatik, xehetasun bakoitza fintasun handiz islatzen da.

Txakur baten estatua, Apadanako hegoekialdeko dorretik datorrena. Teherango Museo Nazionala

Oso gutxi ezagutzen da konkor borobildun eskultura akemenidarrei buruz. Dariorena, Susan aurkitutakoa da ezagunena, baina ez da adibide bakarra. Herodoto eta Plutarkok erreferentzia egiten diete Darioren emazte zen Artistonaren urrezko estatua bati Herodotoren kasuan eta Persepolisen bertan aurkitzen den Xerxes I.a erregearen estatua handi bat Plutarkoren kasuan.

Dena dela, apaindurako elementu asko, goierliebetzat har daitezke. Batez ere, benetako animali edo animali mitologikoen irudikapenerako erabiltzen da, sarritan, ate eta kapiteletan elementu arkitektoniko bezala. Nagusiki zezenak dira, ateen zaindari bezala irudikatzen direnak, baita Ehun Zutabeen gelako arkupean ere. Zutabeetako kapitelak, animalien protomeen inpostetan amaitzen dira: lehoiak, zezenak, grifoak... Animaliak oso estilizatuak daude, inongo aldaketarik barik. Goierliebean eginiko estatua batzuk aurkituak izan dira, txakur bat irudikatzen zuena bezala, Apadanako dorre angeluar bat apaintzen zuena.

[aldatu] Margolaritza

Koloreen erabilera gaitzetsia izan da, sarritan, pigmentuek denboran zehar jasaten dituzten aldaketa ugariengatik. Klimaren eragina, geruzen hauskortasuna edo pigmentu organikoen suntsipena, dira arrazoi nagusiak. Beste aldaketa batzuk, erabilpenengatik, kontserbazio tratamenduengatik eta lanen zaharberritzeagatik gerta daitezke. Garbiketak, berniz emateak, geruza babesleak, baita koloredun ukituak ere, tindaketa faltsuen agerpenaren arrazoiak izan dira, edo objektuak kaltetzeena. Erabilpen hauek, lanen batzuetan, egungo margoen osagai artifizialen ebidentziek bezala, zientzialariak, akemenidar eskultura eta objektuetako koloredun arrastoak zuhurtzia eta xehetasun osoz aztertzera behartzen ditu.

Persepoliseko jauregi eta eraikin gehienetako lan askotan kolore askoren erabilpenaren ebidentziak, Persepolisen, margo polikromoen nonahikotasun eta aberastasunaren lekuko dira. Ez dira bakarrik objektuetan mantentzen diren pigmentu arrastoetan dauden frogak bakarrik, baizik eta froga sendoak, pikorrak eratzen dituzten margo aglomeratuak bezala, ontzietan barra-barra aurkitu diren kolorezkoak, lekuko toki anitzetan.

Aipaturiko kolore horiek ez ziren bakarrik elementu arkitektonikoetan erabiltzen (harresiak, erliebeak, zutabeak, ateak, lurzoruak, eskailerak, estatuak, etab...), baizik eta baita ehun eta beste apaindura batzuetan ere. Bernizatutako adreiluak, okre gorriz koloreztaturiko karezko lurren estalkia edo berde-grisaxka koloreko igeltsuzko lurrak, margotutako zutabeak eta beste zintzilikatze batzuk apaintzen zituzten, horrela, kolore anitzez, jauregien barnealde eta kanpoaldeak. Irango hiriburua den Teherango Museo Nazionalean kontserbaturik dagoen Darioren estatuan gorri koloreko arrasto gutxi aurkitu da.

Aurkitutako kolore aniztasunak, aberastasun polikromoaren ideia bat ematen du: beltza (asfaltoa), gorria (beira gorri opakoa, bermiloia, okre gorrizko hematitea), berdea, urdin egiptoarra, zuria, horia (okrea edo urrea). Landare pigmentuen erabilera, irudikatua da, baina oraindik ez da pigmentu horien erabileraren frogarik aurkitu.

Dena dela, zaila izan daiteke toki zehatz batetako benetako kolore aniztasuna zehaztasunez berregitea, zaharberritutako zenbait erliebe eta jauregik, zenbait tokitik datozen atal edo zatiak erabiltzen dituzte. Flandinek eginiko erliebe zehatz batzuen eta hauen aurreko marrazkien arteko ezberdintasunen azterketak, adibidez, esfinge baten zaharberritzearen akatsak argitan uztea ahalbidetu du. Persepolis, pinturan hiri aberatsenetako bat bezala ezagutzen zen.

[aldatu] Multzo nagusia

Persepoliseko planoa

[aldatu] Terraza

Persepoliseko jauregi multzoa, 450 metroko luzera, 300 metroko zabalera eta 14 metroko garaiera duen terraza baten gainean aurkitzen da, bi metroko lau maila dituena. Sarrera, delegazioentzako erreserbaturiko mailan amaitzen da. Nobleen auzoak maila garaiago batean aurkitzen dira. Zerbitzuei eta administrazioari erreserbaturiko auzoak, behereneko mailan aurkitzen dira. Errege auzoak, mailarik gorenean aurkitzen dira, guztiek ikusteko moduan. Eraikuntzarako harririk erabiliena, kareharri grisa da. Eraikuntzen antolaketak, plano ortogonal edo plano hipodamiko zorrotz bat jarraitzen du.

Terrazaren ekialdeko aldea, Kuh-e Rahmatak osatua dago, honen pareta harritsuan, tokia domeinatzen duten errege hilobiak zulatuta daudelarik. Beste hiru aldeak, euste harresi batez eratuak daude. Harresi honen garaiera, 5 metrotik 14 metroraino doa. Harresia, landutako harri handiekin osatua dago, morterorik gabe elkartuak daudenak eta iltze metalikoen bidez finkatuak. Mendebaldeko fatxada da multzorako sarrera, eta terrazarako sarrera nagusia du, eskailera monumental baten eran.

Lur harritsuaren berdinketa, sakonuneak lur eta harriekin betez ziurtatua dago. Azkeneko terrazaketa, euren artean, iltze metaliko bidez elkartutako harri astunekin egina dago. Prestaketaren lehen zati honetan zehar ur abdukzio eta drainatze sarea abian jartzen da, batzuetan, arrokan bertan tailatua. Blokeak, beran eta meatzaritza tresnen bidez zizelkatu eta formateatuak izan dira, harriak, azal lauetan zatitzea ahalbidetuz. Harrien altxaketa eta kokaketa, zurezko hagen bidez ziurtatuak izan dira.

Hegoaldeko fatxadan, hiru hizkuntzetan eginiko inskripzio kuneiformeak aurkitu dira. Testua, elamiteraz idatzia, Susako jauregiko inskripzio batekin alderatua da.

Inskripzio hauek, beharbada, multzoaren hasierako sarrerarekin bat letozke, eskailera monumentala eraiki eta Nazio guztien atea gehitu aurretik.

Terrazaren antolaketak, hau pentsatu izanak, erasoren bat gertatuz gero ere, tokiaren defentsarako aginduak kontutan hartu dituela iradokitzen du. Harresi batek eta dorreek osatzen zuten perimetroa, ekialdean, lubeta bat eta dorreen bidez gotortua. Harresien angelutasunak, defentsan ari direnei, kanpoaldeko ikus-eremurik handiena hartzea ahalbidetzen die.

Terrazak, eraikin erraldoi mordo bat jasaten du, ondoko menditik ekarritako kareharri grisez eginak. Eraikin hauek, kolomadi eta zutabeen erabilera ugariagatik bereizten dira, horietako asko, oraindik zutik daudelarik. Espazio hipostiloak jarraikakoak dira, bere neurria edozein dela ere. 99, 100, 32 edo 16 zutabe dituzten gelak lotzen dituzte, aldakorrak diren aldaerez jarraituak (20x5 Altxorraren Gela baterako, 10x10 Ehun Zutabeen Jauregirako...). Eraikin hauetako batzuk, ez dira amaituak izan. Langileek erabilitako material eta hondarrak ere aurkitu dira, garbitu gabe geratu direlarik. Margoa izateko balio izan zuten ontzien zatiak, kasualitatez argitara eman ziren 2005. urtean, Apadanatik gertu. Margoak jauregiak apaintzeko erabili zirela lekukotzen duten zantzu ezagunak berresten dituzte.

[aldatu] Eskailera nagusia (edo Persepoliseko eskailera)

Terrazara, mendebaldeko fatxadatik sartzen da, eskailera monumental baten bidez, simetrikoa, eta ondoren elkartu egiten diren elkarrengandik urruntzen diren bi zatikoa. Sarrera honek, Xerxesek gehitu zuena, terrazaren hegoaldeko jatorrizko sarreraren lekukoa hartzen du. Eskailera, orduan sarrera garrantzitsu bakarra bihurtzen da. Bigarren mailako beste sarrera batzuk beharbada existitu ziren ekialdeko zatian, hauen altuera, txikiagoa zena, lurraren okerdura zela eta. Iltzeekin elkartutako moztutako harrizko bloke trinkoekin eraikia dago. Tarte bakoitzak, 111 maila ditu, 6,9 metroko zabalera eta 31 zentimetroko sakonera dutenak, 10 zentimetroko okerdurarekin. Behealdeko zatiak, zaldizkoak eta euren zaldiak sartzea ahalbidetzen du. Harriren batzuekin, bost maila zizelkatu ahal izan ziren. Eskailera, goian itxia zegoen zurezko ateen bidez, hauen gontzak, lurrean zizelkaturiko albeoloetan biratzen zutelarik. Nazio guztien aterantz irekitzen zen patio txiki batetan amaitzen zen.

[aldatu] Nazio Guztien Atea

Nazio Guztien Atea, edo Xerxesen Atea, Darioren seme eta ondorengo izan zen Xerxes I.ak eraiki zuen. Ate honen eraikuntzaren ustezko data, K. a. 475. urtea da.

Mendebaldeko sarrerak, gainleihoak osatzen dituzten bi zezen erraldoik zaindua, 5,5 metroko garaiera du eta asiriar inspiraziokoa da, 24,7 metro karratuko erdiko harrera gela batera ematen du. Harresiak haitzurdinezko eserlekuek inguratzen dituzte. Teilatua, 18,3 metroko garaiera zuten lau zutabek jasaten zuten, palmondoak irudikatzen. Zizelkaturiko euren tontorrek, palmondo hosto estilizatuak irudikatzen zituzten. Mendebaldeko sarreran, bi irteera gehitzen dira: Bata, hegoalderantz, Apadanako patiorantz irekitzen dena, eta bestea ekialderantz, prozesioetako biderantz irekitzen da. Azkeneko hau, hegodun giza-zezenak edo lammasuak irudikatzen dituzten bi estatua erraldoik zaintzen dute. Irudi babesle hauek, Tripiloneko zutabeetako kapiteletan ere aurkitzen dira. Amaitu gabeko atearen gainleihoen oinarrian, oinen arrastoak ikus daitezke. Nazio Guztien Atearen sarrera bakoitza, bi joguneko zurezko ate batek ixten zuen, hauen gontzak, lurrean zizelkaturiko albeoloetan biratzen zutelarik. Ateak, metal preziatuekin apainduak zeuden.

Inskripzio kuneiforme bat dago grabaturik mendebaldeko fatxadako zezen edo lamasusen gainean. Inskripzio hau, inperioko hiru hizkuntza ofizialetan idatzia aurkitzen da: (antzinako pertsiera, babiloniera eta elamitera alegia).

"Ahura Mazda jainko handi bat da, lur hau sortu zuena, zerua sortu zuena, gizakia sortu zuena, gizakiaren zoriontasuna sortu zuena, Xerxes errege egin zuena, askoren errege, askoren jaun."
"Ni Xerxes naiz, errege handia, Erregeen Errege, jatorri anitzeko herrien errege, lurralde handi honetako erregea, Dario erregearen semea, akemenidarra."
"Xerxes erregeak dio: "Ahuramazdari esker, nik egin dut Herri guztien atari hau; gauza on asko dago Pertsian eginak izan direnak, nire aitak eta nik egindakoak. Haratago egin dena, eta ona dirudiena, guzti hori Ahuramazdari esker egin dugu"".
"Xerxes erregeak dio: "Ahuramazdak babesten nauela, baita nire erresuma eta nik egindakoa ere, eta nire aitak egindakoa, hori ere Ahuramazdak babes dezala"".

Inskripzio honek, Nazio Guztien Atea, Xerxesek, akemenidar inperioa eratzen zuten erresuma eta herri anitzengatik horrela deitu zuela pentsarazten du. Inskripzio hau, lammasuen gainean ere agertzen da.

[aldatu] Prozesioen bidea eta Amaitu gabeko atea

Terrazaren iparraldeko zatia ekialdetik mendebaldera inguratuz, prozesioen bideak, Nazio Guztien Atetik antzerako eraikin batetara daroa: Amaitu Gabeko Atea, Amaitu Gabeko Jauregia ere deitua. Izen honen zergatia, Alexandro Handiak tokia suntsitu zuenean, amaitu gabe zegoela da. Ate hau, terrazaren iparrekialdeko angeluan aurkitzen da, eta lau zutabe ditu. Ehun zutabeen jauregirantz irekitzen den patio batetan amaitzen da. Bere bi aldeetatik, harresi bikoitz batek inguratzen zuen, Apadana eta jauregi pribatuak begiradetatik babestuz. Gaur egun, harresi hauen behealdea baino ez da geratzen, baina, batzuen ustetan, bere garaiera, lammasuen estatuen antzerakoa zen. Bidearen alboko gela batetan, zati batean zaharberriturik dauden bi grifo buru ikus daitezke. Dirudienez, grifo buru hauek, ez ziren zutabeen gainean egon. Beharbada, beste lanen batetarako erabiltzeko ziren.

[aldatu] Apadana (edo Darioren audientzia gela)

Apadana, Dario Handiak eraiki zuen. Bere eraikuntzaren hasieraren data, K. a. 515. urtea izango litzateke, zimentuetan sartutako harrizko kutxetan aurkitutako urre eta zilarrezko bi taulatxoren arabera. Dariok, bere izena eta bere inperioaren xehetasuna grabarazi zituen. Apadanaren eraikuntzak, luze jo zuen, eta Darioren seme zen Xerxes I.ak amaitu zuen. Apadana, 100 zutabeen jauregiarekin batera, Persepoliseko eraikuntza monumentalik handi eta konplexuena. Terrazaren mendebaldeko zatiko erdialdean aurkitzen da. Maila altu batetan kokatua, terrazatik sar daiteke, iparraldeko eta ekialdeko aldeen basamentuak inguratzen dituzten malda bikoitzeko bi eskailera monumental paralelo eta simetrikoren bidez.

[aldatu] Jauregia

Jauregiak, 60,5 metroko luzera duen oinplano karratu bat du. 72 zutabez osatuta dago, eta, 72 zutabe horietatik, 13k, oraindik zutik diraute. Zutabeak, 20 metro inguruko garaierakoak, beharbada, harriak behar zen garaieran kokatu ondoren, eramatea ahalbidetzen zuten lurrezko arrapalen bidez eraikiak izan ziren. Arrapalak, zutabeak aurrera zihoazen ahala altxatu behar ziren, ondoren, lurra kendu egiten zen. Joniar eraginaren lekuko dira. Apadanaren zutabeek, Samoseko Hera jainkosaren tenpluko diametro berbera eta antzeko altuera dute, gainera, antzerako ildokatzeak dituzte.

Jauregiaren hasierako planoak, sinpleagoak ziren: ondoren, Persepoliseko eskailera eta Nazio Guztien Atea eraiki zirelarik, beharrezko bihurtu zen jauregira iparraldetik sartzeko sarrera bat. Horrek azaltzen du basamentuaren iparraldeko zatian eskailera bat gehitu izana. Erdialdeko zatiak, karratu formako gela hipostilo handi bat dena, sei hilaratan jarritako 36 zutabe zituen. Hegoaldean, iparraldean eta ekialdean, bakoitzak hamabi zutabe zituen laukiluze formako hiru atari edo arkupez inguratuta zegoen. Arkupe edo atari bakoitzeko hamabi zutabe horiek, sei zutabeko bi hilaretan jarrita zeuden. Hegoaldeko zatian, gela txiki sorta bat zegoen, eta Darioren jauregia zen Tacharara irekitzen zen. Ertzetan, dorreak aurkitzen ziren, bana ertz bakoitzeko.

Sabaia, zezen eta lehoi irudien protomeen gainean zeuden habeek eusten zuten. Bata bestearen aurrean jarriak, protomeek, eserleku bat eratzen zuten, honen gainean, habe nagusi bat jarria izan zelarik. Bi buru horiek, honela, protrusio bat eratzen zuten, alboka, metro bete ingurukoa. Zabaletaranzko habe batzuk, zuzenean buruen gainean jarriak izan ziren, zizelkaturiko animaliaren adar edo belarriek egonkortua. Animali elementu hauek, berunarekin finkatuak izan ziren. Zabaletaranzko habeek, ondoko hilaretako zutabeak lotzen zituzten. Gainontzeko espazioak, bigarren mailako habeez estalirik zeuden. Multzoa, lokatz lehorrezko mortero geruza batez istinkatua eta estalia izan zen. Habeak, arte, ebano eta Libanoko zedro zurezkoak ziren. Zedrozko teilatu arinen erabilpenak, joniar kolomadien teknikekin batera, espazio handi baten askapena ahalbidetzen zuten: Apadanaren zutabe hilaren arteko banaketa, 8,9 metrokoa da, zutabeen diametroa eta fusteen arteko distantziaren arteko 1 bider 3,6ko erlazio batetarako. Alderaketan, Karnakeko Tenpluko gela hipostilokoa, 1 bider 1,2koa da.

Multzoa, oso modu aberatsean margotua zegoen, eskaileren baxuerliebeetan, harresietan eta zutabe batzuren oinarrietan aurkitutako pigmentu arrasto ugariek adierazten duten bezala. Zizelkaturiko lehoi baten eztarriak, oraindik, kolore gorriko arrasto ezberdinak ditu. Iztuku geruza bateaz estaliak, honetaz arrastoak aurkitu direnak, harresiak, urrez brodatutako oihal zintzilikariez, zeramikazko lauzaduraz eta lehoiak, zezenak, loreak eta landareak irudikatzen dituzten margoekin apaintzen ziren. Zurezko ateek eta habeek, urrezko xaflak eta boli eta metal preziatuzko inkrustazioak zeramatzaten. Zutabeen kapitelen apaindurak, ezberdinak dira euren kokapenaren arabera: zezenak erdiko harreragela eta iparraldeko arkupeko zutabeetarako, eta beste animali irudi batzuk ekialde eta mendebaldeko arkupeetarako.

David Stronach arkeologoaren arabera, Apadana bezalako jauregi baten eraikuntzak, bi funtzio nagusi zituen. Bere neurriengatik, 10.000 pertsona har zitezkeen, erregearen audientzia errazten zuena. Beste alde batetik, bere altuerak, erregeari, lautadetan gertatzen ziren zeremonia eta desfileak ikustea ahalbidetzen zion. Susan eginiko indusketetan, hau ere Dario I.ak eginikoa den jauregi batetan, Apadana jauregiaren lauza bat eman da argitara, jauregiaren ardatzean kokatua, hegoaldeko harresiaren parean. Aipaturiko bi jauregiek, antzerako kontzeptua dute. Litekeena da Apadanaren lurzorura finkaturiko tronu baten esistentzia. Gainera, gertu aurkitzen ziren bi pasabidek, erregeari, ondoko errege apartamendu eta auzoetara erretiratzea ahalbidetzen zioten.

Alexandro Handiak Persepolisi su eman zionean, Apadanaren teilatua ekialderantz erori zen, alde honetako erliebeak, 2100 urte inguruz higaduratik babestuz. Lehoi baten buru trinko bat aurkitu da zulo batetan, Apadana, 100 zutabeen jauregitik banatzen duen harresitik gertu. Bere funtzioa, dirudienez, teilatuko habe nagusi bat eustea izan zen. Lurraren mailatik behera dagoen zulo batetan egotea, oraindik ez dago azaldua. Apadanaren arkupearen erreplika bat aurkitzen da tokiko museoan eta jauregiaren handitasunaren ideia bat ematen du.

[aldatu] Ekialdeko eskailera